XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haren familian beroak izaten ziren oinetakoak, nahikoa lasto eta ondo banatua jartzen bait zien barruan.

Gurasoenetik alde egin eta gizonarekin elkartuz familia osatzeko garaia gertu zuen.

Aitak, horregatik, opari asko izaten zuen haren eskean, kaiakak arraun eta guzti, hartz larruak, fokarenak, haragi ketan ondua zakukadak.

Sendoa zen neska, gaitzik eta errurik gabea, ehizerako ibili luzeetan ordu eta ordutan gelditu gabe ibiltzeko zaildua, arrantza zuloaren ondoan amua eskutan zuela izokiaren zain ikararik gabe egoteko prestua.

Horrela, bada, gauero norbait etortzen zitzaion bisitari, ilunaren babesean, eta ostatutza onari dagozkion betebeharrak kunplitu ondoren, hitzik gabe agurtzen zuen.

Neskak, ordea, ezin zuen asmatu nor zuen bisitaria ilunpe hartan.

Izenik gabe hura nor zuen jakitea erabaki zuen, bada.

Nahasi zuen, horretarako, kedar piska bat foka koipetan, eta bular inguru guztia igurtzi zuen, lotarakoan, ukendu harekin.

Biharamun goizean zur eginik ikusi zuen nork eta bere anaiak zituela bezturik ezpainak.

Begi biak txinpartak bezala gorriturik, hitz gogorrez itsustu zion jokabide makurra, nahiz eta anaiak etengabe ukatzen zion agirian zeraman seinalea.

Gurasoek gertatuaren berri jakin zutenean, txit haserretu ziren entzuteko haiek entzunda.

Haien erriertaren lotsarizoa ezin eramanik, semeak lasterka ihes egin zuen bertan ondotik.

Hartu zuen alabak, orduan, zuzi bat sutan pizturik, eta atzetik jarraitu zion anaiari.